Erabilera-arauak ikertu

Aurreko astean Jone Miren Hernandezen aipu bat ekarri nuen hona. Bere ustez interesgarria liteke erabilera-arauak ikertzea: hizkuntzaren hautua nola egiten dugun; nola erabakitzen dugun egoera jakin batean (noiz, non, norekin…) zein hizkuntzatan jardun.

Hizkuntzen Hiztun taldeen arteko botere-harremanak hor ere islatzen dira: erabilera-arauetan. Llui­s Vicent Aracil soziolinguistak halaxe idatzi zuen:

/…/ Horrela, arau horiek inpertsonalak eta objektiboak balira bezala hartzen dira; eta konbentzio hutsak diren arren, zerbait “€œnaturala”€ dela ematen du. Jendeak bete eta betearazten ditu, zergatik jakin gabe, eta hori egiten duela konturatu ere egin gabe. Baina ilusio hutsa da hori. Arauak, benetan, gizakion lana dira: elkarrekintzaren barruan sortzen dira (eta elkarrekintzak sortzen ditu). Esan nahi baita, arau horiek indar-jokoaren ondorioa direla.

Jordi Solá i Camardons-ek una iniciació a la sociolinguí­stica del conflicte azpititulua erabili zuen bere libururako. Ninyoles-ek ere antzeko kezkak zituen, Idioma y poder social liburua argitaratu baitzuen 1972. urtean. Gatazkaren soziolinguistika da; soziolinguistika katalanaren muinean sortu ziren ideiak, askoz arreta gehiago merezi dutenak.

Naturalizazioa boterea iraunarazteko modua da. Iruditzen zait hizkuntza eskubideen diskurtsoa ez dela jendearengana ondo iristen. Oso ageriko kasuak ez badira edota euskalgintzatik hurbil dagoen jendea ez bada, askori kosta egiten zaio hizkuntza eskubideen urraketarik ikustea… Gehienez ere “traba” edo “eragozpen” txikiak ikusten ditu, erabat naturalak. Aurrekoan esan bezala, problematizatzea da koxka: arau horiek zalantzatan jartzea eta “gauzen ordena natural” hori ukatzea.

Source: Allartean

 

Hiru apunte jaso nituen, oso denbora gutxian

Aurten, Miramarren EHUk antolatzen dituen uda ikastaroetan Euskararen transmisioaren bide berriak izan zen hizpide. Soziolinguistika Klusterrak bideoak argitaratu ditu dagoeneko (http://www.soziolinguistika.org/en/node/5910).
Handik gutxira, Galizian “Traballando en lingua” udako ikastaroak izan ziren, Carballo herrian, gai beraren inguruan: Transmisión interxeracional do galego. Ikastaro honen bideoak ere interneten argitaratu dira.

Donostiako ikastarotik hiru apunte hartu ditut.

  • Paula Kasaresek transmisioaren kontzeptua alboratu eta sozializazio kontzeptuari eustea gomendatzen digu, askoz dinamikoagoa delakoan. Alde horretatik, helburua bera aldatzea proposatu du: gure helburua izan behar du haurrak egoera komunikatibo ez-instituzionaletan beren berdinkideekin euskaraz arituko diren hiztunak izatea. Egoera ez-instituzionalizatuak hizkuntza predefinitua ez dutenak dira.
  • Valentziako erreferentziak ere aipatu ditu: familias mutants deitzen direnak, belaunaldi baten etenaren ondoren, katalanera berriro ere etxeko hizkuntza bihurtu dutenak. Gaztelaniaz, familias revernaculizadoras esango genuke, eta euskaraz, familia etxekotzaileak edo berretxekotzaileak.
  • Jone Miren Hernandezek sozializazioaren fokoa zabaldu beharra proposatzen du, eta, familiari ez ezik, gertuko komunitateari ere begiratzea gomendatzen digu. Edonola ere, familiaz ari dela hiru ikerketa-ildo proposatzen ditu: (a) familia barneko ideologiak, (b) praktikak, familian eta inguru hurbilean indarrean dauden erabilera-arauak eta arau horiek nola sortzen diren (c) eta hizkuntzaren kudeaketa, hau da, familiak nolako estrategiak darabiltzan etxean euskarari leku egiteko. Familian ere hizkuntza politika egin daitekeela defendatzen du Jone Mirenek: ingelesez, family language policy.

Galiziako ikastarotik, batez ere, apunte bat:

  • Valentina Formoso irakasleak jarrerak aztertu izan ditu Okzitaniako eskola soziolinguistikoaren ideietatik abiatuta (Henri Boyer eta enparauak). Bere ustez, funtsezko galdera zera da: galego-hiztunek zer ikusten dute beren burua ispiluan ikusten dutenean? Hizkuntzaren inguruan dauden sinismenak, aurreiritziak eta errepresentazioak garrantzitsuak dira, bere iduriko. Elementu horiek guztiak kognizio sozialak dira, eta hiztunek hizkuntzari buruz duten irudia osatzen dute. Horien atzean ideologia linguistikoak daude (eta bide batez baita balioak ere). Alde biko harremana dago ideologien eta errepresentazioen artean; ideologia linguistikoek baldintzatu egiten dituzte hizkuntzari buruz ditugun errepresentazioak, eta errepresentazio soziolinguistikoek elikatu egiten dituzte ideologiak. Faktore hauek guztiak funtsezkoak dira familia bidezko transmisioan. Hitzaldia hemen: https://www.youtube.com/watch?v=lXA36sgqfQU

Urrian, familiari buruzko artikulu bat argitaratu zuen ARGIA asterkariak: http://www.argia.eus/argia-astekaria/2432/euskara-d-ereduan-ikasi-duten-gurasoak. Aitor Villanueva irakasleak tesina egin du jatorrizko hizkuntza euskara ez duten eta euskara maila ona duten gurasoei buruz. Izenburua luze samarra da, baina oso deskriptiboa: Un estudio de transmisión y actitudes lingüísticas en la Comunidad Autónoma Vasca y la Comunidad Foral de Navarra: Padres y madres castellanoparlantes escolarizados en lengua vasca.

Guraso hauei galdetegi bat egin die, eta ondorio bat edo beste eman du, orain arteko ikerketetan ikusi ez dena. Antza denez, gizonen eta emakumeen arteko ezberdinatasunik ikusi du: “Gizonezkoen %70ek euskaraz hitz egiten diete haurrei euren bikotekidea euskalduna izan ala ez. Emakumeen %85ek euskara transmititzen dute etxean, baina euren bikoitekidea euskalduna bada. Hala ez bada, euskararen transmisioa %40 jaisten da”. Bitxia egin zait.

Gogoan dut orain dela 10 urte ikerketak egin zirela Gasteizko Olabide ikastolako eta Donostiako Santo Tomas lizeoko ikasle-ohiekin. Orduan ere kezka bera zegoen mahai gainean: zein da, edo zein izango da, ikastetxean euskaldundu diren guraso gazteen jokabidea hizkuntzaren transmisioari begira?


Oharra: argazkia EMAN GILTZA orritik hartu dut


Source: Allartean

Boterea eta kultura

BAT

Boterea ez da objektu bat. Ezin da esan: “boterea dut”
Boterea ez da leku bat. Ezin da esan: “boterean nago”
Eta, hala ere, boterea nonahi dago.
Boterea, batez ere, jardunean ageri da, harremanean, elkarrekintzan. Kontzeptu erlazionala da.

BI

Ingelesetik gaztelaniara ari diren itzultzaileen testu batean hau irakurri nuen:

Two Spanish words translate as the English word “power”: poder and potencia. Generally speaking, we could say that poder defines power as “power over” (the sense it has, for instance, when it refers to state or sovereign power) and potencia defines “power to,” the type of capacity expressed in the statement “I can.” To continue with the generalization, it is possible to say that poder refers to static forms of power, while potencia refers to its dynamic forms. [Hemen]

Kasualitatea izango da, baina hainbatean irakurri dut oso denbora gutxian “poder sobre” eta “poder para” bereizi behar direla; zerbait egiteko boterea izatea (ahalmena), eta inoren edo ezeren gaineko boterea izatea ez dela gauza bera.

HIRU

Naturalizatzea botere-harremanak iraunarazteko estrategia da: “hori hala da”, “beti izan da horrela”, “ezin da bestela izan”.

Botere-harremanak, ordea, ez dira naturalak. Izatekotan kulturalak dira… ikasiak

Stuart Hall-ek eta ikerketa kulturalak sortu zituzten enparauek horretan jardun zuten: boterearen eta kulturaren arteko harremana ikertzen… eta kolokan jartzen. Behin Stuart Hall-i elkarrizketa luzea egin zioten, eta liburu formatuan argitaratu: La cultura y el poder. Conversaciones sobre los cultural studies. Merezi du irakurtzea (sarean eskuratu daiteke pdf formatuan).

LAU

Paulo Freirek “problematizatu” terminoa erabili zuen XX. mendearen hasieran. Bere iduriko, problematizatzea da gogoetaren eta ekintzaren bidez kontzientzia kritikoa garatzeko modua: naturaltzat ditugunak zalantzatan jartzea, “gauzen ordena naturala” ukatzea, egoera gatazkatsu izkutuak agerian jartzea, arazoen mamiari ekitea, eta eraldaketa abiaraztea.


Source: Allartean