Praktika kolektiboen ekologia (eta 2/2)

Lan mahaiak, euskara batzordeak, erabilera taldeak, aholku kontseiluak, jarraipen batzordeak… non daude, bildurik ez daudenean?

Alferrik dira talde dinamikari buruzko mintegiak, talde-lanari buruzko liburuak, bilera erangikorrei buruzko ikastaroak… hor ez dago erantzunik.

Micropoliticas de los grupos. Para una ecología de la practicas colectivas liburua irakurri dut duela gutxi. Hor ere erantzunik ez, baina pista bat edo beste bai.

Liburua atal laburrez osatuta dago, hurrenkera alfabetikoan: atal bat, ideia edo kontzeptu bat. Irakurketa ez lineala bultzatzen du: nonahitik noranahi. Halere, egileek bi ibilbide proposatzen dute: kontzeptu-hurrenkera bat kolektibo osatu berriei begiratzeko, eta beste bat krisian dauden kolektiboi begiratzeko.

Ideia interesgarririk? Baietz esango nuke. Lau adibide:

  • Gertakariak. Pasarte esanguratsuak dira kolektiboaren ibilbidean. Ibilbide bera bitan zatitzen dute: lehen eta gero. Bere garaian konturatu ere ez ginen konturatu. Orain, atzera begira, harrigarri egiten zaigu ohartu ez izana: seinaleak hor zeuden. Nola ez ginen ohartu? Komeni da seinalei adi egotea.
  • Memoria. Ezin da talderik egon, memoriarik gabe. Lehengo tribuetan bezala, kolektiboetan taldearen memoria zaintzen duenik behar da. Bilkuretan, erabakiak eta testuinguruak gogoratuko dizkigu: halako egoera batean, zein erabaki hartu genuen, eta zergatik. Rol garrantzitsua da.
  • Zaintza. Taldeak bere burua zaindu behar du. Taldeak gaitasun praktikoak behar ditu, baina bestelako jakintzak eta esperientziak ere bai, ez bere jarduna hobeto egiteko, baizik eta bere burua elikatzeko eta eraldatzeko. Alderdi praktikoaekin batera, komeni da taldearen “alderdi espirituala” ere lantzea.
  • Erabakiak. Bozketa ala kontsentsua? Erabakia bozketa bidez hartuz gero, zein da ados egon ez direnen alternatiba? Gehiengoa onartu eta kitto? Kontu hori zaintzea gomendatzen dute.Kontsentsuak ere badu koska bat. Kontsentua ez da adostasuna, ez da bat etortzea, baizik eta inplikazioa. Prozesu konplexua da: arazoren nondik norakoak asmatzea eta aukera aniztasuna irekita uztea. Inork kontrakorik ez esatea ez da kontsentsua. Erdarazko esaerak dioenaren kontra: el que calla… no otorga.
Begirada mikropolitikoak gogorarazten digu kolektibora ez garela esku hutsik gerturatzen. Bizipenak, desioak, nahiak, iragana, kultura… horiek guztiak gure fantasmak dira, eta ekosistema horren parte bihurtzen ditugu.

Ideia berri-berriak ez; errezetarik ere ez; zertan pentsatu, bai. Azken batean, esaldi ezagun hura parafraseatuz: «Hainbat jarraibide dago, praktika kolektibo egokiak eta sanoak eraikitzeko. Zoritxarrez, inork ez daki zein diren»

Liburua saretik jaitsi daiteke: http://www.traficantes.net/libros/micropoliticas-de-los-grupos


Source: Allartean

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude